Pianoa erresonantzia-kaxa bat da. Horri teklatua gehitu zaio, eta horren bidez altzairuzko hariak kolpekatzen dira feltroz forratutako mailuekin; horrela, soinua sortzen da. Bibrazioak zubien bitartez taula harmonikora eramaten dira, eta horrek anplifikatu egiten ditu. Hari anitzeko harpa kromatiko batek osatzen du, eta isilgailuak dituen zeharkako perkusio-mekanismo batek eragiten dio. 1700. urte inguruan asmatu zuen Paduako Bertolomeo Cristoforik. Pianoaren aurrekariak ditugu 'zitara', 'monokordioa', 'dultzimerra', 'klabikordioa' eta 'klabezina'.
Historian zehar hainbat piano-mota egon dira, baina ohikoenak isats-pianoak edo piano horizontalak eta zutikako pianoa edo piano bertikala dira. Instrumentuaren akustikarako ezinbestekoa da behar bezala gozatzea edo afinatzea. Horretarako, harien tentsioa aldatu egiten da, soka horiek maiztasun egokian bibra dezaten.