Biolina hari igurtziko musika-tresna da, eta lau hari ditu. Hari-instrumentu klasikoen familiako txikiena eta goikoena da. Hari-instrumentuen artean ditugu, biolinaz gain, biola, biolontxeloa eta kontrabaxua. Horiek, kontrabaxua izan ezik, Erdi Aroko biolen ondorengoak dira.
Hariak metalezkoak edo hesteki bihurrikatukoak (aluminio, zilar nahiz altzairurekin) izan daitezke; 'mi' haria, altuena ―cantarela deitua― altzarizko haria da, eta noiz edo noiz urrezkoa. Gaur egun hestekiaren malgutasunak eta metalen iraunkortasunak ematen duten sonoritatea lortzen ari diren material sintetikoko hariak fabrikatzen ari dira.
Arkuak lortzen duen efektuaz gain, beste hainbat efektu ere lor daitezke; besteak beste, pizzicato, trémolo, vibrato, glissando, col legno eta sul ponticello.
Biolina funtsean erresonantzia-kaxa bat da, forma ergonomiko dotoreak eta ederrak dituena. Tapa simetrikoki zulatua dago, eta erdialdean bi erresonantzia-irekidura ditu, "belarriak" edo "eseak" deituak.
Kaxaren barrualdean soinu-zutoina edo biolinaren arima dago. Zurezko barra zilindriko bat da, zut jarria taparen eta kaxaren ardatz simetrikoaren eskuineko taula harmonikoaren artean, Arimaren kontrako aldean, taparen barruko aurpegiaren luzeran, barra harmonikoa izeneko listoi bat dago itsatsita lekedaz. Bai arimak, bai barra harmonikoak bi eginkizun betetzen dituzte: egiturazko euskarriak izatea (biolinak egitura-tentsio handi du), eta soinuak hobeto transmititzea erresonantzia-kaxaren barruan.